XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lekuonak badu, bai, bere lekua alor onetan billatzaille izan diranen artean.

Barandiaran eta bera, garai batean, bateratsu ibilliak dira, elkarren sustatzaille eta laguntzaille.

Biek, apaizgaien irakasleen opor-egunak ongi baliatzen zituzten olako lanetako.

Baiña, ori bai, Lekuonak billatzaille-lana aurrera eramango du, baiña aztertzaille -lanetan nabarmenduko da geiago, Biltzailleen lanari gaillurra jarriko dio, gure erri-literaturaren barrunbeetan sartuaz.

Ordu egokian gizon egokia etorri zitzaion literatura oni.

Gizon egokia, artarako bezalakoa.

Lekuonarengan erri xeeak eta gizon eskolatuak uztarketarik zorionezkoena egin dute.

Erritik seminariora eta seminariotik errira ibillia dugu.

Erritik atera dan mutillari seminarioak begiak zabaldu egin dizkio; kultura nagusien giro eta barneetan sartu du; tresna berriak, teknika berriak jarri dizkio eskuetan.

Gero, argi berriak buruan eta tresna berriak eskuan, bere errira itzultzen da, bere erriko kulturara eta erri-literaturara zuzentzen du bere begi zorrotz argia.

Eta or dator azter-lana, ea non eta zertan diran bateko eta besteko kulturak berdin edo ezberdin, ea zertan dan batetik besterako aldea, ez zertan datzan gurearen berezitasuna.

Eskolak eman dizkion argiak ongi daude; baiña gure azterlari onek besterik ere badu, egin nahi duen azterlanerako egokiagotzen duenik: barrutik datorkion argi, euskal-girorik jatorrenetakoan bizi izanak eman diona.

Euskalerriko txokorik euskaldunenetakoan jaio eta azia degu, euskal-gogoa garbienik gorde izan duen erri bateko semea.

Giro ortan bizi izan da auraurretarik, bertsolaritzak eta beste euskal-animaren agergarri askok ainbesteko oiartzuna izan duten Oiartzunen, eta or edan du euskal-anima ori ulertzeko sena, euskal-sen berezia.

Euskal-animan sartzeko euskaldun jatorra izan eta euskalduntasuna barne-barnean eraman bear da, eta gero olerkari begiak izan.

Eta olaxe, olerkari-begiz, maitebegiz urbildu animara eta aren barneak argitu.

Orixe egin du gure oiartzuar jatorrak, olaxe urbildu da gure aozko literaturaren barne-muiñak ulertu eta adieraztera.

Olaxe egin zaigu gure arteko bertsolaritzaren, gure kopla zaarren, eta gure aur-kanten aztertzaille zorrotz eta argitsuena.

Baiña goazen poliki-poliki.

Itzaldi labur batean ez dago Lekuonak eremu onetan egin duen lan guztiaren berri ematerik ez eman bearrik.

Era batera edo bestera, bere bizi guztian ekin dio lan oni, gure aozko literatura argitzeari.

Eta gai onetan oiñarrizko lana, osoena eta sakonena zein dan edozeiñek daki: Literatura oral euskerica liburua, 1935n argitara emana.

Ez du ala ere leenbizikoa.

Leenago egiñak bazituen beste bi, emen aipatu bearrekoak Brabanteko Jenobeba bere itzaurrearekin, eta Eusko-Ikaskuntzaren Bergarako Batzarrean 1930n irakurritako itzaldia.

Zer da Brabanteko Jenobeba ori?.

Joan Kruz Zapirain, Errenderiko bertsolariak, ondutasko poematxoa, eskolarik batere gabeko bertsolari batek egiña, emazteak arratsean Jenobebaren bizitza irakurri ala, gabaz oean senarrak bertsotara aldatua.

Urrengo egunean, senarrak bertsoak kantatu ala, emazteak, paperera aldatzen zizkion, bizitza guztia osatu arte.

Poematxo ori Lekuonak argitaratuko du eta itzaurre batez ornitu.